Espainiera munduan gehien hitz egiten diren hizkuntzetan bigarrena da, jatorrizko hiztunen kopuruari begira (329 milioi), eta gainetik txinera baino ez dauka. Gaur egun 450 milioi pertsonak erabiltzen du (jatorrizko hiztun eta bigarren hizkuntza gisa erabiltzen dutenak kontuan hartuta), eta badirudi etengabe haziko dela, 20 urtetan 535 milioi hiztunetara helduko delarik.
Kalkuluen arabera, 2050ean, AEB izango da espainieraz gehien mintzatuko den herrialdea. Eta gure hizkuntzarekiko interesa gora doa Txinan. 2005etik indarrean dago Brasilen Espainieraren Legea izenekoa. Lege horrek bigarren hezkuntzako ikastetxe guztiak, publiko zein pribatuak, behartu egiten ditu eskolako ordutegian espainieraren irakaskuntza eskaintzera; eta, horretarako, 200.000 irakasle trebatu edo kontratatuko dira.
Alemaniako Estatistiken Bulego Federaleko datuek erakusten dute 2000/2001 ikasturtean 115.000 ikasle alemanek ikasten zutela espainiera; 2007/2008an, 285.000 ikasle ziren espainiera ikasten ari zirenak, ia % 150 gehiago.
Hamar urte eskasean (2000tik 2009ra), espainieraren erabilerak Interneten % 650,9ko igoera izan du, eta sarean gehien erabiltzen den hirugarren hizkuntza da. Internauten % 7,9 (munduan dauden 1700 milioi erabiltzaileetatik) espainieraz komunikatzen da. Dokumentuen eskaerari dagokionez, munduan laugarren tokian dago.